2017(e)ko apirilaren 27(a), osteguna

ERESBILENTZAT IBILBIDEARI ELKAR SARIA

Eresbilek Ibilbideari elkar saria jasoko du bihar 1974tik 
euskal musika bildu, landu, gorde eta euskal gizartearen esku jartzen 
egindako lanagatik

Gaur, apirilak 27 egingo da Martin Ugalde kultur parkean elkar sariak emateko ekitaldia. Duela egun batzuk jakinarazi genuen bezala, Jakinen “XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” egitasmoak jasoko du Proiektuari elkar saria.
Ekitaldi berean, bigarren sari bat ere emango da: Ibilbideari elkar saria. Sari hori Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak jasoko du.
Eresbilek lan handia egin du urte luzez euskal musika bilatu eta jasotzen, gure ondare gisa gal ez dadin, eta garrantzi handiagoa duena, hurrengo belaunaldietara ere irits dadin. Musika ondarea ikertu, bildu, kontserbatu eta jakitera ematea du helburu, bereziki euskal konpositoreen lanak.
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak musika ekoizpenak kontserbatzen ditu, euskarri guztietan - testuak, ikus-entzunezkoak edo ikonografikoak-. 2000 urteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko partituren eta soinuzko grabazioen Lege Gordailuko kopia bat gordetzen du.
Hasieratik gordetzen ditu pertsona zein instituzioen fondoak, 170etik gora gaur egun, horietan aipagarrienak euskal konpositoreen fondoak izanik.
Horrez gain, zenbait datuk ematen digu Eresbilen lana eta ekarpenaren tamaina:
  • Partitura eskuidatziak. (17.000)
  • Inprimatutako partiturak. (54.000)
  • Monografiak (17.000)
  • Aldizkariak (1.270 tit.)
  • Soinuzko grabazioak (101.000)
  • Ikus-entzunezko dokumentuak (1.900)
  • Programen bildumak (1.172)
  • Kartelen bildumak (1.254)
  • Argazkiak (10.700)
  • Dokumentazioa (15.500)
Urteetan egindako lan hori da elkar Fundazioak, saritu, aitortu eta eskertu nahi duena. Balio handia du euskal kultura bildu eta transmititzeko egiten den lan orok, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak euskal musikarekin egiten duenak ere halaxe du. 1974tik gaur arte etengabeko lanean aritzea, euskal musika gorde eta lantzea eta hori guztia euskal gizartearen esku jartzea garrantzi handikoa izan da, eta halaxe da gaur egun ere.
Lan hori dena egiteko, musikaren inguruko eragileekin elkarlanean ari da Eresbil, euskal musikan aktore diren musikari eta diskoetxeekin batera. Urteetako lan harremana du, adibidez, elkar-ekin urteak dira diskoetxeak argitaratutako diskoen kopiak haren esku uzten dituela. Eta horrela jarraituko du aurrerantzean ere, ekoizten duena Eresbilen esku utziz, kultur transmisioan ezinbesteko bidelaguna baita. Euskal kulturak, eta elkar-ek bereziki, eskertu behar dio Eresbili hainbat eta hainbat artxibo galdu berreskuratzea.
Egindako lan guztiagatik eta bide berari eutsiz, urte askotan lanean jarrai dezan erabaki du elkar Fundazioak 2017ko Ibilbideari elkar saria ematea Eresbil Musikaren Euskal Artxiboari.
elkar sariak emateko ekitaldia bihar ostegunez, Martin Ugalde kultur parkean, arratsaldeko 19:00etan egingo da.

ZORIONAK!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina